jueves, 10 de junio de 2010

Gipuzkoako waterpoloaren historian, espainiarekin aritzen den lehen jokalaria bihurtu da Osel Echave.

– Tira, Osel, Espainiako selekzioarekin aritzen den Gipuzkoako waterpoloaren lehen jokalaria izan zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
– Oso ona, asko ikasi dut eta, horrez gain, beste autonomia erkidegoetako lagun berriak egin ditut. Jabetu naiz beste selekzio batzuek, Kataluniak, Madrilek eta Andaluziak, esaterako, oso maila handia dutela, eta horrek inbidia handia eman dit.
– Zer moduz beste autonomia erkidegoetako jokalariekin izan duzun harremana?

– Oso ona benetan. Igerilekuaren barnean eta baita hortik at ere euskal jokalariekin harreman oso ona dut eta baita hortik kanpo ere, galiziarrekin, adibidez.

– Tximistarrin entrenatzen duzuna eta gero selekzioan egiten duzuna antzekoa al da ala zeharo bestelakoa?

– Oinarria beti igeriketa da eta behin hori kontrolatzen duzunean teknika sartzen da tartean. Selekzioarekin egiten nituen entrenamenduak oso teknikoak ziren; asko ikasten da eta nire entrenamenduetan zertan egin behar dudan ahalegin berezia jakiten lagundu didate.

– Tximistarrik asko lagundu al dizu?
– Bai, guztientzat poz handia izan da. Zuzendaritzako kideek, entrenatzaileek, taldekideek, nire lorpen honetan beren zatitxoa dute, eta haiek gabe ez nintzen honaino iritsiko.
– Zure taldekideek inbidiaz begiratzen al dizute?
– Bai zera! Adarra jotzen didate, elkarrekin oso ondo pasatzen dugu eta ez dago gure artean inolako giro txarrik, alderantziz.

– Alde handia al dago Euskadiko selekzioaren entrenatzeko eraren eta Espainiakoaren artean?
– Oso ezberdina da, Espainiako selekzioaren maila oso handia baita. Kataluniako jokalari onenak bertan daude, eta ez dugu ahaztu behar Katalunia Espainia mailan waterpoloaren elitean dagoela. Espainiako hautatzaileak, gainera, norberaren joko mailaz gain, beste alderdi batzuk ere aintzat hartzen ditu: gorpuzkera, indarra, errekuperatzeko gaitasuna eta dohain fisikoak.

– Zer postutan jokatzen duzu?
– Lateralean normalean, hau da, baloia ondo menperatzeaz gain, jaurtiketa ona izan behar da postu horretan. Postu hori asko gustatzen zait, gol asko sartzeko aukera ematen baitit.

– Waterpoloak kirol gogorra dirudi, nekagarria. Hala al da?
– Igeri ondo egiteko eta erresistentzia handia izateko asko entrenatzen dugu. Oso garrantzitsua da igeri azkar egiten jakitea, bestela ez baituzu baloirik usaintzen.


– Zer da zailena?
– Zale gutxi dituen kirola izanik, igerilekuan entrenatzeko orduak izatea asko kostatzen da; ez dago lehiatzeko behar beste talderik, beste probintzia batzuetara jo behar dugu lehiatzeko. Zailena, berez, waterpoloan jokatzea da, besterik gabe.
– Eta zu nola hasi zinen waterpoloan jokatzen?
– Eskolan futbolean eta eskubaloian aritzen nintzen, baina ez nintzen batere trebea, handia izanik ez baitnaiz arinegia. Igeri egitea beti gustatu izan zait, eta 12 urte nituela, uda batean, waterpoloko ikastaro bat egin nuen, gustatu eta Interneten Tximistarriren berri jaso nuen. Han egun batzuetan proba batzuk egin eta geratu egin nintzen. Egia esan behar badut, ezin ditut bi egun pasa uretan sartu gabe, ura berehala faltan sumatzen dut.

– Espainiako talde aipagarrienetan jokatzearekin amesten al duzu, Olinpiar Joko batzuetan aritzearekin?
– Jakin badakit orain nire taldean entrenatu behar dudala, baita gogor entrenatu ere, eta hortik aurrera denborak esango du noraino hel naitekeen. Jakin badakit oso zaila dela talde handietan jokatzea, baina egia da, baita ere, ez nuela uste inoiz Espainiako selekzioarekin arituko nintzela eta begira. Etorkizunean, zer? Nor daki...





No hay comentarios:

Publicar un comentario


Cadetes 2008-2009

Cadetes 2008-2009
Grupo de Cadetes en la temporada 2008-2009

Seguidores